Mercadonak 140 milioi euro inbertituko ditu datozen bost urteetan plastikoaren erabilera murrizteko

Mercadonaren supermerkatu bat Bilbon
MERCADONA - Archivo
Actualizado: miércoles, 25 noviembre 2020 15:51

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Mercadona konpainiak aurreikusi du datozen bost urteetan 140 milioi euro baino gehiago inbertitzea 6.25 Estrategiaren bidez plastikoaren erabilera murrizteko, 'Planeta gehiago zaintzeari bai esateko' izeneko konpromisoaren barruan.

Supermerkatu katea 2019an hasi zen estrategia hori definitzen. Enpresako langile guztiak inplikatu zituen 'Planeta Zaintzen Jarraitzeko' erronkan, muntaketa kateko prozesuak jasangarriago bihurtzeko helburuarekin.

Hain zuzen, Mercadonatik azaldu dutenez, 6.25 Estrategiak hiru helburu ditu 2025erako: plastikoa %25 murriztea, ontzi guztiak birziklagarriak izatea eta plastikozko hondakin guztiak birziklatzea. Estrategia gauzatzeko diseinatu diren sei ekintzen ondorioz, zenbait aldaketa egin beharko dira konpainiaren prozesuetan; esaterako, etorkizuneko ontzien definizioan, hornitzaileekiko koordinazioan, denden egokitzapenean, biltegietako hondakinen kudeaketan edo logistikan.

Enpresako lantalde batek koordinatzen ditu 6.25 Estrategiaren jarduera eremu guztiak. Konpainiako sail askotako langileak biltzen ditu; adibidez, Denden eta Produktu Galkorren Preskripzioko langileak, Obra eta Hedapeneko langileak, Lehorren Preskripzioko eta Informatikakoak, Logistikakoak, Finantzetakoak eta Kanpo Harremanetakoak.

Azken hilabeteetan, Mercadonak bere kateko 72 denda egokitu ditu, eta 6.25 Denda bihurtu. Denda horiek hasi dira 6.25 Estrategia ezartzen, eta estrategiaren testuinguruan enpresa garatzen ari den ekintzei buruz bezeroek eta langileek zer iritzi duten entzun nahi dute.

1.300DIK GORA IRADOKIZUN

Hilabete horietan, 1.300 iradokizun eta iritzi baino gehiago jaso dira, nola bezeroenak, hala langileenak, eta horiei esker, Mercadonak martxan jarri dituen ekintzak hobetu ahal izan dira.

6.25 Dendak Espainia osoan eta Portugalgo Matosinhos hirian (Portoko barrutia) banatuta daude, eta datorren urtean kate osora zabalduko da denda eredu hau. Euskadin hiru supermerkatu daude 6.25 Denda bihurtuta, bana Bilbon (Rodríguez Arias kalea), Irunen eta Gasteizen (Forondako Portalea kalea).

Estrategia honen lehenengo eta bigarren ekintzen bidez, 2020an zehar, Mercadonak erabilera bakarreko plastikozko poltsak desagerraraziko ditu atal guztietatik, bai eta erabili eta botatzeko produktu plastikozko guztiak ere.

Hirugarren ekintzaren bidez, konpainiak konpromisoa hartu du 2025erako %25 murrizteko ontzietako plastikoa eta desagerrarazteko balioa eransten ez duena, beste material batzuk erabiliz plastikoaren ordez eta plastiko birziklatuari lekua eginez. Laugarren ekintzaren bidez, konpainiak hitz eman du 2025ean birziklagarriak izateko plastikozko ontzi guztiak.

6.25 Estrategiaren bosgarren ekintzaren bidez, Mercadonak denda fisikoetako, etxez etxeko zerbitzuko eta sareko zerbitzuko hondakin plastikoen %100 birziklatzeko konpromisoa hartu du, eta azkenik, seigarrenaren bidez, konpainiak birziklatzen lagunduko die bezeroei, birziklatzeari buruzko informazio erabilgarria piktograma adierazgarrietan jarriz, dendetan zein ontzietan.