Lazarraga Sarien ekitaldia 'streaming' bidez jarraitu ahal izango da, ostegunean

Lazarraga Sariak.
BAI EUSKARARI
Actualizado: miércoles, 25 noviembre 2020 11:15

GASTEIZ, 25 (EUROPA PRESS)

Bai Euskarari Elkarteak eta Arabako Foru Aldundiak elkarlanean antolatzen dituzten Lazarraga Sarien ekitaldia 'streaming' bidez jarraitu ahal izango da, ostegunean, azaroaren 26an, bi erakunde antolatzaileen kanaletan. Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde lan egin duten entitate edota pertsonak saritzea eta haien ahalegina aitortzea da Lazarraga Sarien helburu nagusia.

Horrela, antolakuntzak jakinarazi duenez, joan den urriaren 30ean itxi zen hautagaiak aurkezteko epea, eta saria jasotzeko 50 hautagai aurkeztu dira guztira. Horietatik bost aukeratu ditu Lazarraga Sarien seigarren edizioko epaimahaiak. Osteguneko ekitaldian emango da horien berri.

Lexuri Ugarte Arabako Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekia Sailaren zuzendaria buru dela, saridunak ebazteko epaimahaikide izango dira Rober Gutiérrez Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria, Olatz Agorria Electra Vitoria enpresaren ordezkaria, Olatz Imaz Laneki elkarteko ordezkaria,
Olaia Arrieta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberako ordezkaria,
Edurne Parro Aenkomerreko ordezkaria, Amagoia Zubillaga Arabako Aldundiko ordezkaria, Aitor Otaola SEAren ordezkaria eta Jokin Larrañaga Arabako Aldundiko ordezkaria.

Aurkeztutako 50 hautagaiak aztertu ondoren, 2020ko edizioan bost sari banatuko dira, erakunde zein norbanakoentzat. Eremu sozioekonomikoan egindako euskararen kudeaketa baloratzeko epaimahaiak kontuan hartu ditu zer neurri ezarri diren zerbitzua euskaraz emateko eta lana euskaraz egiteko.

Era berean, beste neurri edo baliabide batzuk ere kontuan izano ditu, hala nola euskaraz lan egiteko baliabideak, kontratazioak, barne agiriak, kanpo komunikazioa, hizkuntza paisaia, produktua kontsumitzen eta erabiltzen duten pertsonentzako elementuak, Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egitea enpresetan, formakuntza euskaraz eskaintzea, euskaraz ikasteko aukera eskaintzea lanean, erantzukizun sozialarengatik nabarmendutako jarduera eta euskara eremu sozioekonomikoan sustatzearekin zerikusia duen beste edozein neurri.

Halaber, erakundearen izaera zein den edo berria den kontuan hartu da, bai eta lurralde oreka mantentzen ahalegintzea, Arabako gizartearen aurrean traktore izaera izatea, eta ostalaritza edo merkataritza sektorekoak izatea, covid-19ak eragin dien neurrian.

Luzarraga Sarien seigarren edizioaren sari banaketa ekitaldia ostegunean izango da, 18:00etan, Gasteizko Artium museoan. Ikuslerik ezingo da bertaratu eta zuzenean 'streaming' bidez jarraitu beharko da ekitaldia.