Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabal ikertzaileak aitortu ditu Ikerbasquek

Ikrebsaquek aitorturiko hiru ikertzaileak
IREKIA
Actualizado: jueves, 19 mayo 2022 16:04

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko ebaluazio batzordeak hautatu ditu jada aurten beren lanagatik aitorpena jasoko duten emakumezko hiru ikertzaileak: Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabal. Ekimenaren helburua da Euskadiko emakume ikertzaileak bistaratzea, ikertzaileen belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izan daitezen.

Ikerbasqueko ebaluazio batzordeak aho batez erabaki ditu 2022an hiru kategorietan aitortuko dituen ikertzaileak, eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ostegun honetan jakinarazi die hirurei.

Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek urtero egiten duten aitorpen hau berez ez da sari bat, Euskadiko emakume ikertzaileak eta horien lana bistaratzeko modu bat baizik, ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen. Horretarako, beren karrera zientifikoaren hiru etapa ezberdinetan dauden emakume ikertzaileak nabarmentzen dituzte: 'Advanced', 'Consolidator' eta 'Starting'.

Bada, 'Advanced ikerketa arloko karrera osoaren aitorpena Jasone Cenoz Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saileko katedradunak jasoko du; 'Consolidator' bere ikerketa arloko lidergoaren aitorpena, aldiz, Achucarro Basque Center for Neurosciences ikerketa zentroan diharduen Amanda Sierra Ikerbasqueko Research Professor ikertzailearentzat izango da; azkenik, 'Starting' ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenaren aitorpena jasoko du BC3 Basque Centre for Climate Change ikerketa zentroan ari den Marta Olazabal Ikerbasqueko Research Associate ikertzaileari.

Aitorpenen laugarren edizioan, Ikerbasquek Euskadiko emakume ikertzaileen azkenaldiko ekoizpen eta ekarpen zientifikoei buruzko datuen analisi bibliometrikoa egin du, eta ebaluazio batzordeak aipaturiko hiru kategoria horietako 25 ikertzaileren gainean arreta jarrita egin du lehen azken aukeraketa.

Hiru kategorietan emakumezko ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmendu du ebaluazio batzordeak, baita beste urte batzuekin alderatuta izangaien kopuruak izan duen gorakada ere, eta horrek, batzordekideen hitzetan, "agerian uzten du emakume ikertzaileek Euskadin egiten duten zientziaren potentzial handia".