Euskararen erabilera areagotzea da herri erakundeen hizkuntza politikako xede nagusia

Mintegiko parte hartzaileak
SABINO ARANA FUNDAZIOA
Actualizado: jueves, 12 julio 2018 13:06

"Euskararen erabileraren gakoak" mintegia antolatu dute Bilbon Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Euskararen erabilera areagotzea da hizkuntza politikaren arloko erakunde publikoen helburu nagusia, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak erabilera sustatzeko politika publikoak aztertzeko eta hizkuntzaren erabileran eragiten duten alderdiez hausnartzeko ostegun honetan Bilbon batera antolatu duten mintegian azpimarratu dutenez.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE), Nafarroako Foru Erkidegoko eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza politiketako arduradunak eta euskal lurraldeetako ordezkariak bildu dira Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Hizkuntza politikaren eta euskal kulturaren esparruetako 50 bat arduradunek parte hartu dute "Euskararen erabileraren gakoak" izeneko mintegian.

Ildo horretan, gogoeta eta eztabaida saioari hasiera eman dion Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu du euskararen erabileran eragiten duten alderdiak aintzat hartu behar direla.

Bere hitzetan, euskarak azken hamarkadatan izan duen biziberritzea gertatu da "euskal gizartearen ekin irmoagatik" eta, horri esker, "euskarak milaka hiztun irabazi ditu". Horrela, euskararen ezagutzak oraindik gora egin behar duela esan du, baina, gaur egun, "erabilera areagotzeari lotu" behar gatzaizkiola adierazi du.

Zupiriaren iritziz, "hiztunen ezaugarriak biziki aldatu dira eta, euskararen erabilera bultzatzeko politikei ekiterakoan, eragin handieneko alderdiak aintzat hartu behar ditugu. Euskaraz hitz egiteko erraztasuna eta ingurune hurbila ditugu nagusiak, baina badira eragiten duten beste alderdi esanguratsu batzuk".

Horregatik, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak nabarmendu duenez, "erakundeak lanean aritu behar dira euskararen erabilerak gora egin dezan datozen urteotan, gorakada hori lortzeko ageriko ahalmena daukagu eta".

EUSKALTZAINDIA

Bestalde, bere mintzaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogorarazi du euskararen erabilera Euskaltzaindiaren "kezka eta ardura" izan dela erakundea sortu zenetik. Bere esanetan, Akademiak "hizkuntzaren erabilera bultzatzen jarraitzen du gaur egun; edozelan, baina, ez".

Euskaltzainburuak adierazi duenez, "sakontasun eta zabaltasunez aritu nahi dugu euskaraz, hizkuntzari gizarte moderno batean dagozkion eginkizunak betetzeko helburuz. Euskara erabili bai, hainbat leku eta gunetan, hainbat testuinguru eta erregistrotan erabili ere; hau da, euskara osotasunez, era egoki eta berezkoan erabili nahi dugu. Eta, horretarako, lan handia egin behar dugu oraindik, batez ere, euskara batuaren ikusmoldetik".

Horren haritik, Urrutiak azaldu duenez, "bide horretatik" doa Akademia, eta, bere ustez, Euskaltzaindiak berak urrian Arantzazun egingo duen jardunaldiak "balio dezake mende laurden honetan euskara batua gizartean nola hedatu den ikusteko, baina, batik bat, etorkizuneko erronka zein diren antzemateko balio behar digu".

EUSKARALDIA

Gainera, Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Maria Atutxak nabarmendu duenez, erronka nagusia "euskararen jakintzaren eta erabileraren arteko aldea murriztea da". Horretarako, Atutxaren ustez, bi giltzarri daude: "alde batetik, euskara erabiltzea ahalbidetzen duten politika publikoak ezartzea eta, bestetik, hiztunen nahia".

Erronka horiez gain, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak Euskaraldia ekimena aipatu du. Ekimena 11 egunetan garatuko da udazkenean euskararen lurralde guztietan eta, horren bitartez, erakundeen zein gizartearen ahalegin guztiak batu nahi dira, guztion euskararekiko konpromisoa sendotzeko helburuz.

"Euskararen erabileraren gakoak" deritzon mintegiko parte-hartzaileen iritziz, argi dago euskararen ezagutzak nabarmen egin duela gora azken urteotan, baina "erabilera ez da hein berean areagotu", besteak beste, "hiztunen hizkuntza ohiturak direla kausa".

Jardunaldiaren lehen mahai-inguruan, ondoko hizlariek jardun dute: Jon Aizpurua Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlanetako arduraduna, Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruza Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak eta Joxerra Gartzia idazle, irakasle eta kazetaria. "Euskaraz jakin arren, erabiltzeko mugak eta oztopoak" gaia landu dute. EHUko irakasle Ibon Manterolak bideratu du ondoren egindako eztabaida saioa.

Jarraian, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendari nagusiak eta Joseba Erremundeguy Euskararen Erakunde Publikoaren Misio Kargudunak, EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian garatzen ari diren "Euskararen erabilera sustatzeko politika publikoak" izan dituzte hizpide. Euskaltzaindiko idazkariorde Erramun Osak bideratu du ondoko eztabaida saioa.