Noticias en euskera
Más noticias
 

EAEko esportazioen prezioak %0,5 gehitu dira urteko lehen hiruhilekoan

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioen prezioak %0,5 gehitu dira 2017ko lehen hiruhilekoan, aurrekoaren aldean, eta %2,3 aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Inportazioen prezioetan %5,1eko hazkundea izan da lehen hiruhilekoan, 2016ko laugarren hiruhilekoaren aldean, eta %13koa iazko hiruhileko beraren aldean, Eustaten datuen arabera.

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen bikotekideak jotzeagatik

Bi gizonezko atxilotu zituzten igandean Gasteizen, genero indarkeriagatik, dirudienez bikotekideak jo zituztelako Aranbizkarra eta Lakua auzoetako bi etxebizitzatan. Atxilotuak 26 eta 45 urtekoak dira, Gasteizko Udalak astelehen honetan jakinarazi duenez.

Haurren bide segurtasunean abian dituen jarduerak aurkeztu ditu Jaurlaritzak Madrilen

Sonia Diaz de Corcuera Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak ibilgailuetako haurren segurtasunari buruzko jardunaldi batean parte hartu du astelehen honetan Espainiako Diputatuen Kongresuan, Madrilen, eta 2015-2020 aldirako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan adingabeei dagokienez jasota dauden jarduera ildoak aurkeztu ditu.

Ikerbasquek Research Professor deialdi berria abiatu du ikertzaile bikainak kontratatzeko

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Research Professor deialdi berria abian jarri du eskarmentu handiko hamar ikertzaile kontratatzeko Euskadiko Unibertsitate eta Ikerketa Zentroetan ikerketak gara ditzaten. Deialdiak bederatzi urte baino gehiagoko ikerketa esperientzia duten mundu guztiko eta ikerketa arlo guztietako ikertzaileek kontratatzea ahalbideratuko du. Eskaerak irailaren 15era arte aurkez daitezke Ikerbasque Fundazioaren webgunearen bidez: www.ikerbasque.net.

Animaliak adoptatzeko kanpaina abiatu dute Bilbon

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak animaliak adoptatzeko kanpaina jarri du abian. "Maitasuna ez da erosten. Har nazazu zeuretzat" leloarekin, 3.000 esku orri banatuko dira udal zentroetan, zentro publikoetan eta kalean, animalien adopzioari buruzko informazioarekin. Bilbobuseko unitate batzuetan ere ekimenaren irudia jarriko dute.

Lekeitiok bat egin du Euskadi Lagunkoia sarearekin

Koldo Goitia Lekeitioko alkateak, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak Bizkaiko udalerria Euskadi Lagunkoia adinekoekin lagunkoiak diren udalerrien sarean sartzeko hitzarmena sinatu dute astelehen honetan. Horrela, adinekoen ongizate hobea bermatzen duten neurriak bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa bermatu da.

Bertso Udalekuak datorren astean hasiko dira

Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen Bertso Udalekuak datorren astean hasiko dira. Zehazki, uztailaren 4an Orioko Itxaspe baserrira joango dira lehen taldeko gazteak, eta gerora Irañeta, Bidarrai, Muxika eta Zuhatzan izena eman dutenei egokituko zaie txanda.

Bizkaiko Aldundiak Udako Liburutegia abiarazi du

Bizkaiko Foru Aldundiak Udako Liburutegia jarri du beste behin Foru Jauregiaren eta Foru Liburutegiaren artean, Bilboko Arbieto kalean, eta uztailaren 28ra arte, "aukera bikaina" eskainiko die familiei irakurketaz itxia ez den inguruan.


"The Death and Life of Marsha P. Johnson" dokumentala, asteartean Bilbon

Zinegoak Bilboko LGTB Zine eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiak "The Death and Life of Marsha P. Johnson" dokumentala estreinatuko du Euskal Herrian datorren asteartean, ekainaren 27an, Bilborock aretoan antolatu duen emanaldian. Tribeca jaialditik igaro ondoren eta Netflix konpainiak telebistan estreinatu aurretik ikusi ahalko da dokumentala Bilbon.

EAEko 23.000 langile, Lanbidek diruz lagundutako enplegurako prestakuntza ikastaroen onuradun

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 23.000 langile inguruk lanbide gaikuntza eta enplegagarritasuna hobetu ahalko dute, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegurako prestakuntza eremuan lanbide gaitasunak eta kualifikazioak eguneratzeko ekintzak antolatzen dituzten zentroei eskaintzen dizkien laguntza ekonomikoei esker. Ekintza, zentro eta zenbatekoen zerrenda ostiral honetan argitaratu da www.lanbide.euskadi.eus webgunean.


I+G+B proiektuak garatzeko lankidetza hitzarmena Basque Know How Fundazioak eta Neiker-Tecnaliak

Lorea Uribarri Basque Know How Fundazioko gerenteak eta Leire Barañano Neiker-Tecnalia nekazaritza ikerketa eta garapenerako erakunde publikoaren zuzendari gerenteak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta horren arabera, zentro teknologikoak konpromisoa hartu du Basque Know How Fundazioa garatzen ari den zereginetan Neiker-Tecnaliaren ezagutza, bitartekoak eta langile espezializatuak gehitzeko, giza garapen iraunkorrerako euskal ereduaren gakoak aztertu eta martxan jartzeko asmoz.

"Jaietan ere Beldur Barik jarrera" kanpaina abian

Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak bultzatuta, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek eta Eudel Euskadiko Udalek lagunduta, "Jaietan ere Beldur Barik jarrera" kanpaina abian da, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) jaietan eraso sexistak prebenitzen laguntzeko. Beldur Barik programaren barruan, udalei materiala banatu zaie jai giro eta eremuetan errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jarrerak bultzatzeko.

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para analizar su navegación y ofrecerle un servicio más personalizado y publicidad acorde a sus intereses. Continuar navegando implica la aceptación de nuestra política de cookies -
Uso de cookies